MUNDUAN ZEHAR

HOKKAIDO “eskia Japonen”

Japonia iparraldean kokatzen den irla da Hokkaido, azaleraz japoniako bigarren handiena. Bertako prezipitzaio altuek eta siberiatik datorren haize korronte hotzak eskiatzeko baldintza ezin hobeak bermatzen dituzte bertan. Guzti honi Japoniar kulturaren berezitasunak batzen badizkogu, eski bidaia baterako helmuga oso interesgarria da Hokkaido.

Irla bat izan arren eta itsasoko hezetasunaren eragina nabarmena, elur hautsaren kantitate handia eta bere kalitatea dira bertako ezaugarri nagusiak. Baldintza hauetan elur hautsaren kalitatea ezaugarri nagusiena izan dadin, klima oso hotza ezinbestekoa da. Klima hotza siberiatik datorren haize korronte hotz batek bermatzen du. Korronteak Japoniako itsasoko ura lurrundu eta ondoren Hokkaidoko irlan prezipitatzean elurjasa handiak eragiten ditu; honela elur hauts ehiztarien ikono bilakatu delarik azken urteetan.

Eskiari dagokionez, ohikoena eski estazioetan eskiatzea da. Mendiko eskia ere praktikatu daiteke noski, neguko urtesasoian irla guztia elurtuta bait dago. Baina klimak, bertan aurkitzen diren baso itxiek, elur jauzi arrisku handiak eta toki askotara iristeko biderik ez izateak asko zailtzen dute bere praktika. Hala ere toki egoki andana daude horretarako, egia esan; elurte handi bat izanez gero, inklinazio larregi ez duen edozein basotan egun paregabe batez gozatu genezake.

Baldintza onenak neguaren gogortasunarekin lotuak aurkitzen dira, beraz, bertan eskiatzeko sasoirik onena abendutik otsailera bitartekoa izango litzateke.

Hokkaidon bi eremu nagusitan bereizten dira eskiatzeko guneak: hegoaldean eta iparraldean.

 

HOKKAIDO HEGOALDEA:

Klima leunagoa izan arren prezipitazio handiagoak jasaten ditu irlaren hegoaldeak

NISEKO UNITED

Hokkaidoko eski estazio handi eta ezagunena da. Azken urteetan elur hauts ehiztarientzat mundu mailako jomuga bilakatu da. Lau eski estazioen batuketa da Niseko United eta estazio hauek An´nupuri mendiaren isuri ezberdinetan kokatzen dira eta mendiaren goiko aldeetan batu, isurialde ezberdinak estazio bakar baten bilakatuz.

Estazio hau ezaguna da pistaz kanpoko eremuengatik, eremu hauetara iristeko hamaika “ate” ezberdin daude. Ate gehienek estaziora eskiatzen itzultzeko aukera dute, baina badira beste batzuk estaziorako itzulera errepidez egin behar dela. Ate hauek elur baldintzen arabera irekitzen dira. Aterik ezagunenak hirugarrena eta laugarrena dira, hots; An´nupuri gailurrerrera daramatenak.

Inguru honetan mendiko eskia Yotei mendian eta Goshiki terma gunearen inguruan praktikatu daiteke.

KIRORO RESORT

Itsasotik oso gertu dagoen eski estazio honek elur jasa handiak pairatzen ditu. Azalera oso handia izan ez arren bertako elur prezipitazio kopurua handia denez, ezinbestekoa da bertara joatea.

Estazioan, pistetatik kanpo nahi estazio inguruan mendiko eskia praktikatzeko nahitaezkoa da eski estazioko eraikin nagusian dagoen mendiko segurtasunerako bulegoan baimena eskatu eta zein gunetan eskiatu behar dugun zehaztea. Hau eskiatzen hasi aurretik egin behar da, pistetan zaintzaileak bait daude baimenak ikuskatzen.

RUSUTSU

Eski estazioan bertan jolas parke bat duen eski estazio hau ezaguna da bere basoko eskiagatik.

HOKKAIDO IPARRALDEA

Irlaren hegoaldean baino prezipitazio gutxiago izan arren hotz gehiago egiten du, beraz elurraren kalitatea hobea da.

ASAHIDAKE

Asahidake

Daizetsusan natur parkean asahidake mendia dago, Hokkaidoko mendirik garaiena. Mendi honen magalean seiehun metroko desnibela eta izen bera duen funikular bat aurkitzen da. Funikular honen azpitik bi eski pista jeisten dira, baina toki honetako gauzarik esanguratsuena pistaz kanpoko eremua eta kalitate goreneko elur hautsa dira.

Mendiko eskia praktikatuz Asahidake mendiraino igo daiteke.

FURANO

Bederatzirehun metro desnibel dituen eski estazio honen ezaugarri aipagarriena bere eski pistak dira. Hala ere pistaz kanpoko jeitsiera eder batzuk badauzka, batez ere eski estazioaren tontorretik hasten direnak.

Furano

 

TOKASHIDAKE

Ur termalen zentru hau mendiko eski praktikatzeko toki paregabea da. Bertatik hainbat mendi ezberdin igo daitezke eskiekin eta basoak ere ugariak dira. Orohar, toki egokia dela esan genezake bizpahiru egunetan mendiko eskiaz gozatzeko.

 

NOLA IRITSI

20 orduko  hegaldia Bilbo-Munich-Tokyo-Sapporo. Irlan zehar mugitzeko aukera azkarrena eta gareztiena kotxea alokatzea da, horrela elurra botatzen duen eremura egunean bertan iristen zara elur hautsaz gozatzeko. Autobusean mugitzeko ez dugu arazorik izango.

Azken finean, elur ehiztariak ehizatzeko aukera izango du eguraldia lagun baldin badu eta horrela ez bada Japon-eko kultura  aberatsa pixkat gertuagotik ezagutzeko aukera ez dugu bertan behera utziko. Ehiza onak izan.

 

Testua eta argazkiak: Aitor Zabarte, Aitzol Mendizabal.

 

 

Share:
NEXT POST

LUMA jkt 2018

Posted by -