MUNDUAN ZEHAR Atal hontan Euskal Herri eta Espainiatik kanpo dauden mendigune, eskalada eremu etab...emango ditugu ezagutzera. Zure bidai edo expedizio txiki hori prestatzeko lagungarri izan daitekeen informazio iturri bat izatea dugu helburu.

YOSEMITE

         Yosemite-ko bailaran luze bateko bide errezetatik 1000m arteko Big Wall estiluko bideak aurkituko ditugu

yosemite valley

Yosemite Valley

Ez dira gutxi izango aurtengo udan Yosemite aldera joango diren eskalatzaileak, batzuk bailara ezagutu eta bide apalak egiteko asmoarekin joango dira eta beste batzuk bertako hormatzarretan erronka pertsonalen billa. Maila ezberdinetako eskalatzaileen beharrak asetzeko hainbat bide daude Yosemiteko bailaran, baina bere ospea bertako hormatzar nagusiari zor zaio, Kapitan handiari. Yosemitera lehen bidaia hori prestatzeko informazio lagungarria azaltzea da publikazio honen helburua.

Bidaia eta barne desplazamenduak

 Kaliforniako San Francisco hartuko dugu abiapuntutzat. Bidaia eta gero gau bat San Francisco-n egitea da normalena, aukera bat Green Tortoise http://www.greentortoise.com/ hostala da.. Egun hontan Greyhound Bus Station-era joan eta hurrengo egunean Merced-erantz  irtetzen diren autobusen ordutegiagatik galdetu, komenigarriena goizean goiz joatea da egunean bertan Yosemiteraino iristeko. Merced herrian hartuko dugu Yosemiterantz irtetzen den autobusa. Yosemitera iritsitakoan CAMP IV akanpalekuaren inguruan jeitsi eta bertan instalatu.

GARAIA

Yosemitera eskalatzera joateko garairik hobeena maiatzetik urrirartekoa da. Uztaila eta abuztu erdialderarte bailaran beroa egin dezake, baina egia esan Kapitan-ean altuera hartuz zoazen ainean tenperatura aldaketa nabarmen igartzen dela, baita Half Dome-an ere. Urria aldean gauak hotzak izaten dira eta elur ekaitz batek harrapatu zaitzake horman, beraz kontutan izateko gaiak dira hormara bizitzera sartzen zarenean eraman beharreko arropak, lo sakuak etab.

EROSKETAK

 Yosemite.ko bailaran supermerkatuak, jatetxeak, pizzeriak etab aurkituko ditugu baina gomendagarriena erosketa handiak Merced-en egitea dira, merkeagoa bait da.

yosemite fall

Yosemite Fall, 600m-ko urjauzia

yosemite 003

CAMP 4 eskalatzaileen akanpaleku mitikoa

 

 

 

 

 

 

ESKALADA

Yosemite-ko bailaran luze bateko bide errezetatik 1000m arteko Big Wall estiluko bideak aurkituko ditugu, bertako hormatzar famatuenak “El Gran Capitan” eta “Half Dome” direlarik. Aipatzekoa dira Mt Watkins eta neurriz apalagoak baina kontutan hartzeko neurria daukaten beste hormatzar batzuk, Leaning Tower, Cathedrals, Sentinel Rock, Rostrum, Washington Column etab…guzti hauek 300-500m bitartekoak direlarik. Ondoren Yosemite-ko estilu ezberdinetako bide batzuk proposatuko dizkizuegu.

Hasteko librean eskalatzeko bide on batzuk. Hemen info gehiago, eta hemen

Royal Arches Serenity crack-Sons of Yesterday 250m 6b+

Bi bide hauek bata bestearen gainean daude, Zailtasun hontan fisurako eskalada oso onak dira biak. Bertara heltzeko ez dago asko ibili beharrik, baina bero galanta egin dezake bertan,eguzkitan eta altueran nahiko baxu aurkitzen bait dira. Bertatik rapeletzen jaitsiko gara, kontuz jente askok egiten bait du bide klasiko hau….

Manure Pile butress  Nutcracker 200m 5.8 (V)

Yosemiteko bide errezenetarikoa, polita eta gozagarria.

Rostrum Rostrum 5.11c 300m (7a)  (Denny , Harding – 1962)

Rostrum

Rostrum bidean gora..

Astromanen anai txikia dela esan dezakegu, bera bezain ona edo hobea dela esan dezakegu, fisura esDSC00002kalada bikaina da..Off-width bat dauka, bertan mariposa erara enpotra dezakegu gora egiteko.Camalot 4 zaharra erabili beharko dugu bertan edo camalot 5 berria.

Bailararen hasieran aurkitzen da, errekaren bestekaldean. Luze zailena plaka bertikal bat mozten duen fisura fin bat da. Bertan behatzak enpotratu beharko ditugu. Irteera sabai batetik egin dezakegu 5.12b (7b) edo diedro fisura zabal batetik 5.9 (V+)

Bideak iparraldeko orientazioa dauka.

 Sentinel Rock Chouinard-Herbert 500m 5.11c (7a)  (1962 Yvon Chouinard , T.M Herbert ) 

sentinel rock

sentinel rock

Camp 4 parean dagoen pareta honek bi orduko ibilaldi aldapatsua dauka bertaraino. Itzaletan geratzen da egunaren zati gehienean, udarako aproposa…bide ona, gogor samarra eta bertikala da. Eskuinetara gelditzen den Steck-Salathe bidea da gehiagotan errepikatzen dena.

  Washington Column Astroman 5.11c 400m (7a)  Warren Harding, Glen Denny & Chuck Pratt 1959

washington column

washington column

Bide zoragarri hau Washington Column-en hego ekialdeko horman dago. Hiru luze dira adierazgarrienak. Lehenengoa Endurance Corner izenekoa ia luze osoan atsedenik ematen ez duen diedro eder bat da, babesteko  2-ko camalota  erabiliko dugu gehienbat.

Gorago Harding Slot izeneko luzea daukagu, diedro fisuratu eta desplomatu batetik off-witdth batera. Norberaren gorputzaren arabera zailtasuna ezberdina izango duen luzea, morrosko samarra dena hobe bigarrenez joatea. Luze hau beldurgarria dela esan dezakegu, estutuz doanez tarte baten babesteko aukerak ez digu eskeiniko eta, baina ez zara eroriko ez,,luze hontan errezena ataskatuta gelditzea da eta, ez gora eta ez behera…..off-width-era sarrerak librean egiteko paso zail bat dauka baina artifizialean errez egiten da.

Azkenengo luzea da hirugarren luze adierazgarriena, “copperhead” batzuk babesten duten plaka fin eta expo bat da. Guztira 10 luze on dituen bidea da, oso ekipamendu gutxi duena eta elur kantitatearen arabera udaberrian buztita egon daitekeena.

beste bide on batzuk:

Hot Line 5.12a 200m Elephant Rock paretan 3.luzeko fisura da aipagarriena. Moratorium 5.11b 140m Kapitain azpian eskuman dago, New Dimension 5.11a 140m, Separate Reality 5.12a 20m Bide mitikoa, sabai fisuratua da. The good book, Central pillar of Frency…..

DSC00017

Separate reality

astroman

Astroman

 

 

 

 

 

 

Half Dome Regular Northwest Face, 5.12 o 5.9 C1 600m (Royal Robbins, Mike Sherrick and Jerry Gallwas 1957

half-dome-

Half Dome

 

regular

Half Dome, Regular bidea begira…

Half Dome, Yosemite bailarako sinbolua eta benetan mendi bitxia. Bere iparmendebaldeko 600m-ko horma bertikala eskalatzaile askoren helburua da. Bigwall bideen kategorian ere kokatu dezakegu Regular bide superklasikoa .Bailaran urrunen eta altuen gelditzen den horma da, gerturatzeko bi aukera ditugu. Bide zuzenak, 3 ordutan hormaren basean utziko gaitu, slabak, malda ederrak eta soka finkoak aurkituko ditugu, beste aukera Half Dome mendiaren bide normala hartzea da baina gailurrera igo beharrean mendiari buelta ematen diona, 5 orduko ibilaldi lasaiagoa da. Horma azpian ura aurkitzea posible da.

Bide hau egunean egiteko arin eta azkar joan beharra dago, aukera gomendagarriena da, 23 luze dira. Big Sandy ledge-n bibakeatzeko aukera dago eta leku ederra da, hormatzar hortan bibakeatzearen experientziaz gozatzeak bere prezioa dauka, bertara iristeko dauden tximenea eta zeharkaldiak motxila edo petatearekin egiteak…norberak bere mailaren arabera erabaki dezala.

Bidearen luze ederrenak hasierakoak eta zig-zags delakoak dira, anbiente eta patio ederra izango ditugu bidean. “Thanks god ledge” zeharkaldiak sorpresatxo bat izkutatzen digu….zuek deskubritu. 2015. eko uztailean, Half Domen izandako harri jauzi batek Regular bidea kaltetu zuen, irakurri hemen

Ondoren artifizialeko edo Big wall estiluko bide  klasiko batzuk proposatuko dizkizuegu. Estilu hontan neurri eta zailtasun ezberdinetako bide ugari daude. Aipamen gisa, artifizialeko luzeak graduatzerako orduan aurretik A eraman beharrean C eramaten ba du, horrek luze hori hiltzerik gabe egiten dela adierazten du.

 

 Leaning Tower West face 400m 5.9 C2  (Warren Harding, Al MacDonald, Glen Denny  1961)

LeaningTower

Leaning Tower

Mendebaldeko 400 m-ko horma desplomatu hontan, Yosemiteko artifizialeko  bide klasiko eta polit  hau  aurkitzen da, estilu hontan  lehen bide bezala aproposa da. Egunean egiteko ez dago arazorik baina eskalatzaile askok 2 egunetan lasai lasai egiten dute  Guano ledge repisan bibakeatuz.  Horma hontan beste aukera zailago bat  Wet-denim daydream   West Face bidearen krokisa

Washington Column The Prow 400m 59 C3  (Royal Robbins , Glen Denny 1969)

Artifizialeko bide klasikoa baina ez erreza. Artifizialeko bide handietarako prestatzeko eskalatzaile askok eskalatzen dutena.Horma berdinean baina aukera errezago bat South Face route, 5.8 C1 400m, artifizial erreza eta egunean eskalatu daitekena.

El Capitan  Salathe wall VI 5.10 C2 1000m  (Royal Robbins, Tom Frost, Chuck Pratt 1961) 

Capitanean zabaldu zen bigarren bide luzea da, The Nose baino era garbiago baten zabaldua(soka fijo gabe…) eta zati obligatuagoak dituena.30 metro ezkerrerago hasten da. Bidea eskalatzeko 3 edo 4 egun behar dira normalean, bibak lekuak Heart Ledge R11, Cap Spire R21 eta Long Ledge R32, honez gain beste R batzutan bibakeatzeko aukera ere ba dago, R14, Cap Spirearen azpiko R-an eta R27an.

DSC00035DSC00033yosemite 036

Lojistika aldetik, normalean “free blast” deritzon zatia normal eskalatzen da, 10 luze hauek “Mammoth Terraces”-etaraino eramango gaituzte, petate gabe eskalatuz. Zati hontan slab obligatuak, tximinia zailak eta fisura ederrak eskalatuko ditugu. Mammoth Terraces-etatik lurreraino soka finkoak daude jeisteko. Hurrengo egunean paretara bizitzera sartuko gara soka finko hauetatik Yumareatuz.

Bideak patio izugarria hartzen du, eta luze beldurgarri pare bat ere ba ditu. Hollow Flake deituriko Off Width mitikoa eta The Ear tximenea, biak babesteko aukera eskaxak eskeintzen dizkigutenak.

Gero eta gorago zailagoa da bidea, 20. Luzerarte luze asko 6a-6c zailtasunekoak dira baina hortik gorako luzeetan zailtasunak asko handitzen dira, beraz artifizialean eskalatu beharko dugu.

 Capitan guztia zure azpian daukazula….patioa ikaragarria da.

kapitaina

El Capitan, eskalatzaile askoren amets eta helburu…

El Capitan The Nose VI,5.10 C2  1000m   (Warren Harding, Wayne Merry, George Whitmore, 1958)

yosemite 015

The Nose bidean, “great roof”

El Capitan.eko bide luzenetariko bat da, hormatzar honen erditik doan sudur itxurako espoloitik doa, 34 luze ditu eta munduko arrokazko bide mitiko eta hoberenetarikoa da.

yosemite 013

“Pancake flake” 5.11 The Nose

Fisuretan ondo eskalatzen ikasi duenak zati askotan librean eskalatzeko aukera izango du. Ordutegi aldetik normalena bidea 3-4 egunetan egitea da nahiz eta 3 ordu baino gutxiagotan eskalatua izan den bide bat izan. Lojistika aldetik lehen egunean 4 luze eskalatu eta sokak finkatu. Hurrengo egunean bertatik yumareatu eta abentura hasten da.

Bideak repisa asko ditu eta ez dago hormako hamaka igo beharrik izango, baina hori bai, repisetara iristeko ordutegiak ondo kalkulatu eta ez luzatu goiza asko lo sakuan.

Luze espektakularrena “great roof” izeneko sabaia da, olatu tankerakoa, bere azpitik doan fisura ekipatutik pasatu beharko gara. Pendulo batzuk ere egin beharko ditugu,17.luzean dago espektakularrena “king swing” izenekoa,benetan korrika egin beharko dugu paretan beste aldeko fisurara heltzeko. Bidea amaitzeko azken luzean paraboltekin ekipaturiko desplome eder bat eskalatu behar da, lurretik 1000m-ra guztiz zintzilik aurkituko zara, airean, Capitan guztia zure azpian daukazula….patioa ikaragarria da.

Gure ustez bia egiteko bibak hauek erabiliko genituzke:15.bileran ( cap tower ),25 bileran (camp V). Beste repisa batzuk R4, R11 dolt tower, R21 camp 4 eta R28 camp6

friend asko eramatea komeni da, guk camalot 4 gorri, 4 hori eta 3 urdin. Beste guztiak 2 aldiz errepikatuta eraman genituen eta bidearen lehen erdian ez ziran sobratzen….

yosemite 020

The Nose bidean gora,..patioak gogor jotzen du.

El Capitan  Triple Direct 1000m 5.10 C2  (Jim Bridwell, Kim Schmitz, 1969)

yosemite 012

Grey Ledges bidean. Triple Direct.

The Nose bidearen alternatiba bat dela esan dezakegu. Salathe, Muir eta The Nose bideak konbinatzen dituen bidea da. Salathe bidearen “free blast” delakotik hasiko gara Mammoth Ledges-etaraino, ondoren Muir wall bidearen luze batzuk egingo ditugu The Nose bidearekin pendulu eta zeharkaldi batzuk eginez elkartu arte. The Nose bidearen Camp 4 ingurura eramango gaituzte zeharkaldi hauek.Azken 13 luzeak The Nose bidetik egingo ditugu.

Lojistika aldetik Salathe bidearena erabiliko genuke. Mammoth ledge-ra iritsitakoan beste 4 luze eskalatu “Grey Ledges” bibakeraino. Hurrengo eguna The Nose bidearen campIV edo camp V arte. Azken bibak lekua camp VI izango da, lurretik 800m-tara.

yosemite 017

campIV inguruan, atsedenaldia..Triple Direct.

 

Beste Bigwall klasikoak Lurking Fear, North America wall eta Zodiac bideak dira.. Hortik aurrera zailtasun aldetik aukera  zabalak eskeintzen ditu  El Capitan-ek, Mescalito, Tangerine Trip, The Shield batzuk aipatzearren…..eta artifizialaren benetako maixuentzat erronka ugari.

 

Textua eta argazkiak:  zeroazpitik, Iñigo Mujika

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share:
PREVIOUS POST

ARGENTINA......elur hautsaren billa

Posted by -
NEXT POST

LUMA jkt 2016-2017

Posted by -